Workaholiko baten arnas estua
2006(e)ko azaroaren 25(a)Ondorengo testua ez dut lehiaketa hau irabazteko asmoarekin idatzi. Norbaitek baliogarria aurkitzen badu, horrek poztuko nau. Norbait nire egoeran aurkitu edo aurkitzen bada, eta testu honek laguntzen badio, horrek poztuko nau ere. Ez du bestelako helbururik. Arazo bat dut eta lehenengo gauza onartzea da. Eta bigarrena, partekatzea.
Urte bikaina izan dut. Bikaina eta gogorra. Offline publizitatetik etorrita, online kreatiboa izatera pasa nintzen otsaila aldean. Zer egiteko? Webguneak pentsatu, prototipatu eta informeak aurkeztu, gauza berriak proposatu, markaren presentzia zaindu eta testuak idatzi. Benetako pasioarekin. Pozik. Orduak sartu eta gainera, lana etxera neraman buruan, Alestiko feed-ak etengabe begiratzen nituen, gauza berrien bila, ideia berrien bila. Del.icio.us ere, pilpilean beti. Erreferentziak, buruhausteak, xedeak, ildo kreatiboak, estrategiak… Gero eta proiektu handiagotan sarturik, gauza konplikatuak gero eta gehiago biribildu eta hobetu nahian, gero eta sartuago… Workaholikolismoak jota. Nire gorputzak lehengo asteartean “aski da” esan zuen arte. Eta ostegunean “gelditu, mesedez” eskatu zidan arte.
Etxera nindoan autobusez. MP3an, MacNamararen abesti eder bat entzuten. Eta bat-batean, arnasa falta zitzaidala nabaritu nuen. Zorabio arraro bat. Larritu egin nintzen, hipokondriako xamarra naizelako. “Hiltzera noa, amaiera da, agur esango diot munduari Benta-Berri batetik. Tristea benetan”. Bulebarrean jeitsi nintzen, bizirik oraindik. J.-rekin topatu nintzen. Zer nuen galdetu zidan. Beldurra. Beldur izugarri bat. Beldurrari beldurra. Horrelako zerbait da antsietatea. Gau hartan tila eta balerianak hartzen hasi nintzen.
Ostegun arratsez, infernura jeitsi nintzen. Etxera kotxez eraman ninduten (bi aste eman ditut bizikletarik gabe, konponketa prozesua eta eguraldi kaxkarra zela eta). Bero izugarria somatu nuen kotxean. Berriro ere arnas estua. Etxean sartu nintzen buelta emango niolakoan. Ez zegoen bueltarik. Afaltzen saiatu nintzen baina hozkada bakoitzean ito egin behar nuela sentitzen nuen. Zorabioak gauza zentzugabeak esanarazten zizkidan. Hitz egiteko gogo handia nuen, baina indar gutxi.Negarrez hasi nintzen. Beldurrari beldurra beste behin. Hiltzorian beste behin. Ez nuen lorik egin nahi, hurrengo goizean ez nintzela esnatuko uste bainuen. Tila bat eta hiru baleriana. Lo hartu nuen oraindik ez dakit nola. Arnasarekin nuen obsesioa. Arnasean pentsatzen ez nuenean, ez nuen arnasik egiten. Edo hori uste nuen nik. Erotzen ari nintzen. Errealitate biologiko zentzugabe bat bizitzen.
Ostiral goizez, autobusean, inguruarekin nuen harremana eten egin zen. Ez nuen ezer egiteko adorerik. Lankideek etxera joatera behartu ninduten. Edo behintzat, handik alde egitera. Nigatik egin zutena ez dut sekula ahaztuko. Ni ez nintzen erabaki hori hartzeko gai sentitzen. Han egon behar nuen, egunero bezala, nire lanean zainetaraino murgildurik. Ni nor naizen ahaztuz. Ez zela ulertuko uste nuen. Tontakeria galanta zela usteko zutela. Lotsatuta alde egin nuen nolabait. Hain ahula izateagatik. Nire lana asko gustatzen zait, nire lankideekin primeran nago. Zergatik? Zergatik ezin dut gehiago? Zoriontsua izan beharko nuke. Zergatik belaunetan dudan dardara hau? Donostiatik bueltak ematen ibili nintzen. Anaiarekin topatu. Gurasoen etxean bazkaldu. Eta arratsalde partez, Ainararekin elkartu nintzen. Ainara nire lagun minena da. Eta medikua. Errita egin zidan lehenago ez deitzeagatik. Amorru ematen dio nire “ez molestatzeagatik” horrek. Hori da ni bezalakoen beste akats bat. Ez dugu sekula laguntzarik eskatzen gaizki gaudenean. “Ez molestatzeagatik”. Dena irensten dugu. Daukadana antsietatea dela esan zidan. Eta hala da. Arazoa ez omen da nirea bakarrik. Inguratzen nauenak ere ez didala batere laguntzen. Eta beharbada psikologo bat behar dut, antsietate hau bideratzen ikasteko. Beharbada.
Behin arazoa identifikatu dugula, hau da hemendik aurrera jarraitu beharreko plana:
- Deskonexioa: laneko buruek asko lagundu didate, hurrengo astea jai hartzera gonbidatuz eta eskertzeko da, benetan.
- Autoazpimarraketa: ez dut egin nahi ez dudan ezer egingo eta ezetz esaten ikasiko dut behingoz.
- Lasaitasuna: erabakirik hartu beharrik gabe, motel, nire erritmora egingo ditut gauzak.
- Laguntza: ez da ezer gertatzen honelako zerbait izateagatik, ez zaitu pertsona okerragoa egiten eta laguntza behar badut eskatu egingo dut.
- Erlatibitatea: ez ditut gauzak hain biziki biziko, lehenengo gauza ni eta nire osasuna gara, horretarako beste guztiarekin distantzia handiagoa jarri behar baldin badut, jarri dezadala.
Indarrak bildu behar ditut. Eta ingurukoen laguntza pixka bat. Hoberako izango da dena. Ni hobeto egongo naiz eta hobeto egingo ditut gauzak. Eta beldurrari beldur hori galduko dut. Barne-bidaia bat izango da. Lasai, bidaliko dut postalen bat.