Pentagonoa eta zentral nuklearra
2006(e)ko urriaren 28(a)Lehengo egunean, publizitate agentzia handi batean egoteko aukera izan nuen hemen Madrilen. Bilera batean izan nintzen. Bileratik ondorio gutxi (beno, batzuk bai) atera nituen, baina hango eraikinetik askotxo. Ez dizut esango Feng Shui zalea naizenik, baina bai iruditzen zait giroak zerikusi handia duela lan egiteko garaian gustura egotearekin. Pentagonoa eta zentral nuklear baten arteko gurutzaketa zirudien leku hartatik pasa ondoren, zera pentsatu nuen, Madrilen bizi den kreatibo, erredaktore edo diseinatzaile arrunt baten bizimoduak (ez naiz goi buruen bizitzaz ari, horiek beste txapelketa batean jokatzen dute) benetan polita suertatu behar duela.
Pentsa:
- Pinton edo Fuenlabradan biziko da, gurasoekin oraindik.
- Lanera joateko ordu t’erdiko bidaia egin behar du, aldiriko tren eta metro artean.
- 1.000 euro inguru ordainduko dizkiote hilabetean. Ez dakit zenbat master izan arren.
- Lanean sartzeko fitxatu egin behar du eta barra-kode bitartez ireki behar ditu bere laneko korridoreko ate bakoitza.
- Noiz sartu behar duen badaki, baina zein ordutan ateratzen den, sekula ez. Gehiegitan, ez da egongo jada ez aldiriko trenik, ez metrorik.
- Ego handiko buruak ditu, subjektibotasunez beterik hartzen dira erabakiak eta kaltetua beti galeratan arraunetan dabilena da. Hau da, bera.
- Ez du kontratu fijorik, ez daki noiz jarriko duten kale gorrian. Baina egun hori noizbait gertatuko dela badaki .
- Eta gainera, zoriontsu izan behar du, behintzat, komunikazio arloan lana duelako.
Eta Donostian? Donostian… Er…