Ana Malagon
Blogean zaude
RSS harpidetza

Bilatzailea

Urologia blues

2007(e)ko otsailaren 9(a)

Gaua luzea izango zela esan zidan anaiak. Berak aurreko gaua pasa zuen erresidentzian aitaren sondaren poltsak begiratzen (aita ondo dago, mila esker galdetzeagatik). Gau hartan niri zegokidan han gelditzea. Lehenengo aldiz nire bizitzan. Hartzen ditudan Cipralex eta Orfidalek sortutako logureak kezkatzen ninduen, A.-k, aitaren aldameneko ohean zegoen gizonak, bere show-a hasi zuen arte. Orduan A.-k kezkatu ninduen. Handik alde egin nahi zuen A.-k. 83 urte ditu eta errutina lasai batera loturik bizi zen ingresatu behar izan zuten arte. Errutinatik at, A.-k sekulako delirioa bizi zuen gau hartan. Lehenengo ez zituen pastilak hartu nahi izan. Gero, bere sonda kendu zuen. Zaintzen zuen erizain gazteak ez zekien zer egin berarekin. A.-k bai, A.-k jo nahi zuen neska. Medikuak etorri ziren, zeladoreak, erizainak, auxiliarrak… Baina A.-k Guardia Zibila etortzea nahi zuen. Eta nire aitak, lo egin. Eta nik, lasai egon. Ez genuen ezer lortu. Guztiok sufritu genuen (barre urdurien artean) gau hartan. Zahartzaroak zein txiki egin gaitzakeen pentsatu nuen. Nire amamarekin bizi nuen esperientzia. Gure errutinan aske bizi nahi dugu, baina denborari, gaixotasunari eta jadanik ulertzen ez ditugun galderei loturik bizi gara.

Blues tristea, urologiako gela hartakoa.